Oles-aro

07:24


Hotz garaiak iristear zirela, solstizio aldaketa zela, sua beti present izan da. Gure arbasoak, garaikoen tankeran eta garaikoen omenez, sua piztu izan dute. Hotzak hotz, berotasunean sartzea zen kontua. Eta horrela mantendu zen mendez-mende hain handia dugun ohitura. Bitarte horretan, txutxumutxuak, abestiak, kontakizunak beti izan dira tarteko (Oles-aro). Eta beti, suaren inguruan.

Erdi Aroa, aldiz, aro zail eta garratza izan zen askorentzat. Jan eskasia, gaixotasun ugaria,... Eta gure herriak duen hezetasunak ere ez zuen askorik laguntzen. Sua "terapia" lasaigarritzat erabiltzen zen, animoa piztutzeko "terapia"tzat. Ordea, negu gogorren garaiak egurra heze mantendu eta horretan ere gogor astindu zuen Euskal Herria ikatza gurera etorri zen arte.

Garai zail hauetan pertsona bilgune, "gar-gune", "harri-gune" edo "herrigune" batzuk baziren. Baina oraindik baziren mendian garaikoen tankeran bizi zirenak. Izan zen gurasoengandik ikazkinaren lana jaso zuenik ere. Ordea, ikazkinak arrotzak ziren askorentzat; soilik "sor-ginak" uler zezaketen arrotzak. Eta arrotzak, arrotz diren moduan, bakardadera ohitu behar izan zuten. Irainak mila eta bat denen ahotan; ezjakintasunaren irainak; eta hortik, mila astakeri.

Negu gorri horietako batean, izan zen gurasoak galdurik basoan bakarrik bizi zen ikazkina. Ikazkin honek, garaikoen moduan, eta gurasoak horrela erakutsita, izarrak eta natura irakurtzen ondotxo zekien; hortik egurra noiz moztu, sagardoa noiz egin,... guztiaren jakituria. Aldiz, naturak garai zorrotzat eta gogorren erakusle izanik, herrira jaistea erabaki zuen. Helburua, herritarrei horren berri ematea. 

Herritarrak, ikazkina ikustean baztertu egiten ziren, bere hitzak aintzat hartu gabe. Ikazkina, behin eta berriro saiatu arren, erantzuna hutsean geratzen zen. Berak ondo zekien herritarrak negu horretan surik ez zutela izango... baina... herritarrak, beraien baitan. Horren aurrean, berea izan zen azken hitza. Bere ikatza bildu eta gaua izanik herritar guztien etxe sarreretan uzten hasi zen isilean eta ezeren truk.
Herritarrak, eskaintza horri esker, negu gorri eta gogor horretan, sua egin eta bero mantendu ahal izan ziren. Eskaintza horri esker, arbasoak goratzea lortu zuten, oles egin ahal izan zuten,... Eta ekintza oroigarri hau ere ahoz-aho pasa. Eta orduztik garai horri Oles-aro deitu izan zaio. Hortik Olentzaro/Onentzaro/Olentzero.  

elkarrekin ibiliaz askoz hobe

0 Iritzi