Kontxexi: zortzimilakoetatik haratago

06:44



Badira urte batzuk Unai Elorriagak “SPrako tranbia” maixu lana idatzi zuenetik. Bertan, Lucas protagonistak, Sisha Pagmara igoko balitz bezala, amets kutsua hartuta, bere herriko eskaileretatik gora egiten zuen. Lucas, ez zen inolaz Himalayara joan, nahiz eta bertan izango bailitzan sentitzen zuen bere burua. Ordea, jolas baten moduan hartuta, etxeko bidean zeuden eskailerei ekiten zien egunero eta ingurukoak ere hala kutsatu zituen. Denek ondotxo zekiten Himalayarik ez zegoela bertan, baina… zertarako zapuztu ilusioz beteriko sentsazio hori?


Honen harira, gure azken irteera; Urbia. Edonoren errealitatetik hartuta Aizkorri ez da zortzimilako bat, Urbia ez da inongo kanpo basea. Aldiz, unetxo batez gutxiengo baten burmuinean sartzea beti zaigu komeni. Edozein gaitza dela ere, hankak mugitzen zailtasunak dituzten pertsona ororentzat, asfaltozko bidetik urruntzea Odisea izango litzateke. Eta hauek Urbia bezalako paraje ikaragarria eskura izatea, urrea bezain preziatua bada. Kontxexiren begiak, liluraturik, ezer esan gabe gauza asko trasmititzen zuten. Iñaki anaiaren, Maddi hilobaren altzoan izanik, “eskerrik asko” besterik ez zitzaion ateratzen. Baina begi horiek,… begi horiek soinurik gabeko hitz mordoa adierazten zuten. Momentuko bizipoza adierazten zuten. Eta hori eskuratzea, hori bera gurekin partekatzea, zoragarria da. Horixe da guretzat benetazko urrea, benetazko zortzimilakoa. Eta une horiek bizitzea gutxik dute eskura. Batzuek elkartasunaren etiketan sartu nahi izan dute, baina guk nahiago izaten dugu sen ona deitzea. Natura denen esku egoteko horixe besterik behar ez delako, sen ona. Hortik abiatuta, fikziozko Lucasek bere Sisha Pagma gailendu zuen; eta halaxe ere gailendu du gure Kontxexik Urbia bera.

elkarrekin ibiliaz askoz hobe

0 Iritzi