Martin "Urde"

00:00



La conciencia de la suciedad // pintura al óleo y tinta sobre | Etsy

Urte asko badira hurrengo istorioa gertatu zenetik. Garai haietan bazen Martin izeneko gazte makurra. Antza, inguruetan Martin “Urde” ezizenez ezagutzen zuten, edonora joanda dena zerri eginda uzten baitzuen. Herrira jaitsi eta bazter guztiak zikintzeari ekiten zion. Esanak esan berdin jarraitzen zuen egunero gauza bera eginaz.

Behin, gurditxo batekin basotik zihoala, honen zurezko gurpiletako bat zulo batean trabatu eta bitan puskatu zen. Hau ikusita, haserreak jota gurditxoa txikitu eta zati bakoitza alde batera eta bestera botatzen zuela baso guztian zehar zabaldu zuen. Behin amaituta, emakume edadedun bat gerturatu eta:
-          Zertan zaude mutiko?
-          Hau bai atso kontakatilua. Zuri ze inporta!
-          Ikusi al duzu ingurua? Basoko jau neta anderea haserretuko zaizkizu!
-          Jajaja –barre egiten zuen harro eginda-
-          Basajaun eta basandere gauerdian zure baserrian azaltzen bazaizkizu ez duzu barre berdina egingo. Haien haserrea ez da nolanahikoa.

Martin, harroetan harroen agureari muzin egin eta baserriko bideari ekin zion. Ordea, arratsa iritsi ahala, basoan topatutako agurearen hitzak, bere kezka piztu zuten. Afalostean oheratzeko ohitura zuen, baina gaur… gaur logurerik ez; kezka madarikatu hori besterik ez. Kentzen saiatu zen nola edo hala, baina ezin. Eta horretan zebilela, norbaitek baserriko atea jo zuen. Gorputza beldurrak jota zuen. Aldiz, atea ireki behar zuela sentitzen zuen. Atea ireki eta aurrez-aurre bi itzal erraldoi ikusi zituen. Biak ileak luze, sendo, bata bizar luzea ondo zaindua, bestea ilea motots luze batean bilduta,…
-          Zu al zara Martin delakoa?
-          ni… ni naiz –ahots uzkurra nabari zitzaion-
-          Gure animali bat akatu duzu. Ba al dakizu?
-          Ze…zer?
-          Gu basoan animaliekin ari ginela, zure gurditxoaren gurpil zati batek gure arkume bat akatu du. Eta ez barkamenik, ez aurpegia eman,…  eta okerrena dena zikin utzi duzu. Horren aurrean zein ote ordaina?
-          Ez… ez… itxoin. Egia… egia esan arkumearena… sentitzen dut. Senitzen dut benetan.
-          Hori da gutxien arduratzen gaituena. Baina inguruak? Nola utzi dituzu?
-          La… lasai. Hori oraintxe bertan konponduko dut.

Martin, ziztu bizian atera zen bien artetik eta ilargiaren diztiraz lagunduta zikindutako gauza oro ikustea lortu zuen. Gau osoa pasa zuen zikindutakoa biltzen. Baina oilarrak kukurrukuari ekin aurretik lortu zuen dena biltzea. Leher eginda, baserrira gauza guztiekin joan eta bere ohean etzan zen.

Beste behin, baserriko atearen hotsa entzun zen. Han ziren berriro basajaun eta basandere. Oraingoan, aldiz, otarre bana zekartzaten.

-          Gure txokoak garbiak dira, eta garbiak gustatzen zaizkigu. Horren ordainean, beti izango dituzu horrelako perretxikoak eta beste honelako basa-fruituak. Baina basoa zaindu behar horretarako.

Hori esanda, otarreak atarian utzi eta basoan desagertu ziren. Martin, ordutik, berriz zikintzeari ekingo ez ziola zin egin zion bere buruari. Eta hala egin zuen ingurua garbi mantenduz.



HERRIKOIA

elkarrekin ibiliaz askoz hobe

0 Iritzi