Hau bezalako bide gehiago nahi ditugulako
14:13
Mendi irisgarria
orain bi egunetako gauza dela dirudi. Egia da orain geroz eta erraztasun
handiagoak badaudela, baina gu oraindik eskolan ginenean, baziren ere normalizazioaren
grabitateari aurre egin ziotenak. Herri txikiak asko eman eta kentzen zuten
horretan, herritar guztiak ziren bezala onartu eta aurrera ekiten zioten nola
edo hala. Eta Berastegi ere halakoa zen; eta halakoa ere Aitor. Ez dio inoiz
lanari utzi; eta mendia alboan izanda, kasta bertatik atera behar; horra “normalizazio”
teorikoaren garaiko mendizaleetako bat. Ibilbideak-ibilbide, botak jarri eta
bidezidorretan barna hasten zen ibiltzen. Eta horrela, pixkana lortu ditu bere
garaipen guztiak. Lana eta lan gehiago eginez; pausoka-pausoka bideari ekinez. Dena
den, horretarako, bidelagun batek gauzak errazten ditu oso; eta hor Nerearen
papera benetan ederra da. Nereak Aitor indarberritzen du, freskura, gaitasunak
pizten dizkio,... eta hori ikaragarria da. Bien artean energia bete eta edozein
egoerari aurre egiten diote; horrek eraman die erronka berri bat egiteko gogoa.
Aitorrek mendia Nereari erakutsi nahi, gurekin kontaktuan jarri eta emaitza
ezinhobea; mendizale berri bat. Egia da horretarako eguraldiari itxaron behar
izan diogula, beste hirutan geratu eta euria sortatu baitzaigu. Baina
azkenean... leiho txiki bat ireki, eta Berastegiren edertasuna aurrez-aurre
izan dugu.
Eguna primerakoa
izan dela ezin eragotzi. Neguak animaliak agerian utzi ditu, haritz biluzien
altzoan. Basabereak une oro bidelagun izan ditugu, bere lasaitasunean. Ardiak,
zaldiak, asto bat edo beste,... guztiak ihintzaren lur zabalean ahoan bazka
zutela. Eta historia luze-zabalak dituzten baserriak, tarteka, beraien lora-ederrak
erakutsiaz. Aitorrek, baserri berri gutxi batzuk salbu, auzoa den moduan gogoratzen
du; txikitan, gaztetan,... franko ibilia da inguru hauetan. Hala izanik, baserri
edo bidezidor bakoitzaren pasarte txikiak azaltzera ere ausartu da. Nerea,
berriz, inguruarekin, istorioekin, liluraturik, mutu, irribarrea ahoan. Benetan
une polit eta miresgarriak izan dira. Konplizitatez beteriko uneak. Bertan, hain
pertsonalak diren bizipenak partekatu dituzte, eta hori ezin ordaindu. Altxor horren
partaide izatera gonbidatu gaituzte, eta gu beraien altxor hori bihotzean
daramagu jada. Horregatik, Nerearen hitzak aintzat hartuko ditugu; “hau
bezalako bide gehiago nahi ditut”. Honen aurrean soilik esan, best sellerrez
haratago guk nahiago ditugula pasarte xumeak eta horregatik Messnerrez
haratago, Aitor eta Nerea bezalako jendea topatzea nahiago; guk ere hau
bezalako bide eta istorio gehiago nahi ditugulako.
0 Iritzi