“Pertsona batek lehen aldiz paisaia bat ikustean sentitzen duena partekatzea bezalako une politagorik ez dago”

13:18

 

AIURRI (2022-10-08)
Sei urte atzera Gurpiltrek by Kemen elkartea sortu zuten Iñigo Guirado andoaindarrak eta Juanjo Garcia de Ana kideak. Ez gaitasunen bat duten pertsonak mendira joatea errazten dute.

Iñigok, Juanjok eta hainbat boluntariok joelette izeneko orgatila bat erabiltzen dute gutxitasunen bat duten lagunak natura ingurunera eramateko. 30 bat lagun eman dituzte, dagoeneko, sei urtetan, eta eskualdeko herritarrei eurekin kontaktuan jartzeko deia egiten die: “Pertsona batek lehen aldiz paisaia bat ikustean sentitzen duena partekatzea bezalako une politagorik ez dago”, dio andoaindarrak.

Nola sortu zen Gurpiltrek by Kemen ekimena?
Juango Garcia de Ana kideak eta biok Aspace elkartean egiten dugu lan, garun paralisia edo antzekoak dituzten lagunekin. Mendizaleak ere bagara, eta, guri gustatzen zaigunez, ez gaitasunak dituztenei ere agian mendira joatea gustatuko zitzaiela pentsatu genuen. Makina edo erreminta baten faltagatik mendira joan ezinik zeudenei bitartekoak eskaintzea pentsatu genuen, erraztasunak ematea.

Nola?
Bada, itsuentzako norabide barra batekin, hiru metrokoa, eta gutxitasun fisikoa dutenentzako joelette izena duen tramankulu batekin. Ez gaitasunen bat dutenak mendira eramateko erabiltzen den aulki edo orgatila berezia da. Frantzian sortu zuten, 30 urte atzera, eta oso baliagarria da guretzat. Aurrean eta atzean halako lotune batzuk ditu. Gorantz aurrekoak egiten du tira, atzealdean dagoenak orekatu, eta tramankulua arrastaka ematen da. Maldan behera, alderantziz gertatzen da: aurrekoak mantsotu, eta atzekoak oreka eta indarra eman.

Sei urte dira, dagoeneko, ekimena sortu zenutela.
Bai. Juanjok eta biok halako aukera sortzea posible izan behar zuela pentsatu genuen. Sarean begiratzen hasi ginen, non eta nola egiten ziren ikastaroak, non erosten zen materiala. Informazioa lortuta, dena idatzizko proiektu batean jaso genuen. Bitartekoa falta genuen, eta Gipuzkoako Kirol Egokituko federaziora jo genuen. Han Kemen erakundera bideratu gintuzten, kirol egokitua bultzatzen duena. Haiekin hitz egin genuen, eta piezak elkar lotzen joan ziren puzzle bat bailiran. Beraiek lanabesak eman zizkiguten, eta proiektua martxan hasi zen.

Errazak izan al ziren atariko horiek?
Beno, aintzat hartu behar da administrazio mailan-eta burokrazia handi samarra dela, eta geuk garbi genuen ez genuela lan hori bizkar gain hartuko. Kemen-ek hartu zuen ardura hori. Aseguruen lana ere ez zen erraza izan, ez gaitasun baten aurrean aseguru etxeek ez dutelako erraztasunik ematen. Hainbat erakunderekin hitz egin genuen, bitartekaritza eskatu beste elkarte autonomoetako federazioekin, eta horrek aseguruen tramitea erraztu zuen. Behin asegurua eginda, aurrera egin genuen.

Nolakoa izan lehen irteera?
Aiako Harrira egin genuen, Irumugarrieta gailurrera, hain zuzen ere (lehen gailurra Elurretxeko Lepotik abiatuta). Gutxitasunik ez daukan edonorentzat irteera erraza dirudi, baina gurpildun aulki batekin joaten bazara benetako aldapa bat zer den jabetzen zara azkar. Astakilo samarrak izan ginen, egia esan. Gaur bertara bueltatuko ote ginen ez dakit, arriskutsu samarra izan daitekeelako.

Zein da zuen prozedura, nola antolatzen duzue irteera?
Irteera aurretik lan handia dago. Interesa duenak harremanetan jartzen da gurekin geure edo Kemen-en web gunearen bitartez, eta ondoren pertsona ezagutzen saiatzen gara (gurpiltrek.blogspot.com atarikoan edo www.kemen.org web gunean eman daiteke izena).

Batez ere, zer egin nahi duen jakiteko elkartzen gara aurrez aurre pertsonarekin. Guk asmo edo ideia bat izan dezakegulako, baina pertsona horrek beste asmoren bat. Pertsona ezagutzen dugu, zein gaitasun duen jakin. Agian garun paralisia dauka, baina bere gorputza tente mantentzeko gai da. Hitz egiteko gai izan daiteke, edo gustura dagoen jakiteko irribarre bat egin. Xehetasun garrantzitsuak dira, gure jarduna egoki egiten ari garen edo ez jakiteko. Lehen kontaktu horretan gauza asko jakiten ditugu: pisua, mendian gora ezker edo eskuinera egiteko joera duen, orgatila orekatzeko, eta arnesa eta sokak non eta nola jarri jakiteko. Ondoren etortzen da galdera garrantzitsuena: ze mendira joan nahi duen galdetzen diogu, norekin eta nola. Dena. Eta posible den aztertzen dugu.

 

elkarrekin ibiliaz askoz hobe

0 Iritzi