Tartaloren zorigaitza

07:25



- 1 -

Izan dira garaiak elizak herria izuturik izan duena. Garai haietan ezin elizaren hitza ukatu. Eta bertan entzuten eta esaten ez zena, deabruak itota edota arrotza zela zioten. Horregatik, edozein tentaziorik ez izateko mezetara joatea beharrezkoa zen.
 
Behin, bi anai, mezara joan beharrean, ehizara joan ziren. Goizean goizetik tramankulu guztiak hartu eta menditik barrenean dinbi-danbaka hasi ziren. Aldiz, tupustean, basoan, zuhaitz artean lainoa sartu eta bakartu egin zituen. Bi anaiak, banandurik, noraezean ibili ziren une luzez. Ordea, hauetako batek itzal erraldoi bat ikusi eta beldurraren-beldurrez tiro egiteari ekin zion. Egia esan itzal erraldoi hura beldurgarria zirudien, baina gerturatu eta hantxe odolduta ikusi zuen anaia. Izuak-izu eta jakinik meza garaian eginiko ekintza izan zela, gorpua gertuko haitzulo batean uztea erabaki zuen. 

Handik gertu eliza zapaltzen ez zuen eta lagunik gabeko arrotza bizi zen. Antza, bere lurrak zapalduz gero beti umore txarrez erantzuten zuen horietakoa eta gerran begia galdutakoa zen. Ordurako behelainoa joana zen eta inguruan ardiak gerturatzen hasiak ziren. Hau ikusita, ehiztariak bazuen zer eta nola kontatu patuaz libratzeko. Herrira jaitsi eta nahiz eta ideia ankerra izan, sinesgarritasun punttua izateko asmoarekin, zuzenean apaizarengana jo zuen. Honi, elizara ez joateaz gain, begi bakarreko deabrua azaldu zitzaiola aipatu zion. Deabruaz libratzeko kobazulora sartu eta hantxe harrapatu zituztela anaia eta biok. Ordea, ardien artean berak bakarrik ihesian atera zela azpimarratu zuen. Pizti zahar harek, berriz, anaia bertan gupidagabe han akatu zuela ere aipatu ere aipatu zuen. Apaiza txundituta, kobazuloaren bidea berarekin hartu eta hantxe topatu zuen anaia odolustuta. Hau jakinik, begibakarreko arrotza atxilotzea agindu eta deabru gisa epaituta sutan erretzea erabaki zuten.
 

- 2 -
 
Eliza derrigorrezkoa zen garaietan, baziren garaiko sineskeriak oraindik sinesten zutenak. Tartalo halakoxea zen. Guda garaian begia galdutako artzai bakartia zen. Gudaren alde latzak inorrengan konfidantzarik ez izatea ekarri zion eta horrexegatik bakarrik egotea nahiago zuen. Ezkutuko baserri zahar bat bazuen hainbat ardiekin partekatzen zuena. Eta handik gertu, bere txoko preziatuena; kobazulo txiki bat. Bertan, garaikoen moduan sua egin eta lasai egon zitekeen. Aldiz, lainoa basoan sartzen zenean, honek zekarren arriskua jakinik, baserrira bueltatzen zen.
 
Behin, beste hainbatetan bezala, tiro hotsak entzun zituen. Ordea, ondotxo zekien meza garaian hori bera oso arraroa bazela. Herritarrak, orokorrean oso superstiziosoak omen ziren eta horrelakorik egitea pentsaezina zirudien. Horren aurrean baserritik ateratzea erabaki zuen atea oharkabean zabalik utzi zuelarik. Bere lursailetan zebilela, lainoak aldentzen hasi eta kobazulo inguruan zerbait ikusi zuen. Ordurako ardiak bertara iritsiak ziren. Gerturatu eta odol arrastoak ikusi zituela kobazulo barrenean ehiztari bat ikusi zuen hilik. Une horretan mutu, geldirik geratu zen; zer egin jakin gabe. Hura ikusita eta arrotza zela jakinik inork ez zion sinetsiko. Baina zer egin pentsatzen ari zela herriko apaiza ikusi eta berarengana jo zuen. Apaizak ezer esan gabe alguazilei atxilotzeko agindu eta hantxe joan zen. Bidean animali baten moduan jaitsi zuten. Tartalok bere burua hitzez defendatzen saiatu zen, baina konturatzerako bere hanka azpian zuen egurrak sua hartu zuen.


- 3 -

Ezgaitasuna beti izan da gai korapilatsua. Franko, ezgaitasuna bazterkeriarekin elkarlotuta egon da. Eta historikoki ez da urrun joan beharrik horretarako. Ikus bestela nohizkoak diren inguruan ditugun ezgaitasunarekin zerikusia duten elkarteen sorrera urtea. Aldiz, izan dira garai oso latzak eta ilunak. Elizak berak, ezgaitasuna jainkoaren zigor gisa definitzen zuen; deabruaren lana. Horregatik mitologian ezgaitasunak dituzten pertsonak bihurriak edo maltzur planta hartzen zituzten, Tartalo bera barne. Aurretik aipaturiko bi pasarteak historia ikusteko bi modu besterik ez dira; pertsonaiaren kondairatik eta izaeratik abiatuta bi pasarte asmatu. Aldiz, aldea nabarmena da batetik bestera. Horregatik, garrantzitsua da alde guztiak ondo ezagutzea eta ezgaitasunari aukera bat ematea. Gaur Ezgaitasunaren eta euskararen egunean hau elkarbanatzea otu zaigu ezgaitasunari eskua zabaltzeko. Eta zuek zer egiteko prest zaudete?

NON EGIA, IZAN BURU ARGIA

elkarrekin ibiliaz askoz hobe

0 Iritzi