Amallorainoko ibilaldi jostagarria eskaini du Auzotu ekimenak
13:59
2019-04-02
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
Gaubelagaz hasi zen ekimena
zapatuan [martxoak 30], eta Herri Biblioteka bete-bete egin zuten bertan gaua
igarotzera animatu ziren gaztetxo eta nagusiek. Jolas nahikoa egin zuten lo
hartu aurretik, Altxorraren bila ere ibili ziren kanpokaldean linternen laguntzagaz.
Gosaldu, berriz, Sagastigurenen egin
zuten, Markinaldeko Merindadea
batzen zen toki berean.
10:00etan elkartu ziren Goiko
Portalean Gaubelako partaideek beste ibiltariekin Amallorantz abiatzeko. Hiru
geldialdi egin zituzten bidean –Xemeinen, Barroetan eta Bauskainen–kondairak
eta bertsoak entzuteko. Igor Idoeta Herri Bibliotekako arduradunak Euliski eta Lamien kondairak kontatu zituen, eta
Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak bertso ederrekin girotu
zuen irteera. “Herriak auzotu eta auzoak herriratzera” animatu zuen herriko
bertsolariak.
Gipuzkoako Kemen Pertsona ezinduen kirol klubeko kideak ere
parte hartu zuten ibilaldian, eta euren laguntzagaz, gurpildun aulkian dagoen
herritar batek ere parte hartu ahal izan zuen ekimenean.
Ibilaldiagaz amaitzeko antzerki
emanaldia eduki zuten Herribixiren
eskutik. Magia ikuskizun dibertigarria eskaini zuen Bixik, karten laguntzagaz.
14:30ean itzuli ziren ibiltariak Amallotik herrigunera, autobusez.
0 Iritzi